XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bergarak eta Beasainek biek dute Igokundeko San Martinena dela dioten bataio agiri bana. Bergarakoa 1567. urteko irailaren 11n bataiatu zuten Bergarako San Pedro elizan eta Pedro de Aguirre eta Myna de Arieexolaren semea zen.

Beasaingoa 1566ko uztailaren 16an bataiatutakoa da Beasaingo Andre Mariaren Zeruratzearen elizan eta bere gurasoak Jn Garcia Loias eta Mari Myn de Amunabarro izan ziren.

1987ko urtarrilaren 9an Donostiako Elizbarrutiko Histori Agiritegian ateratako argazkiotan ikus ditzakegun bataio agiri hauei, urteen poderioz, zenbait argibide gehitu zaizkie. Beasaingoaren oharrak, adibidez, 1862koak dira. Herri bakoitzak bere alde aldaketa batzu egin izan dituenaren susmoa ere badu batek baino gehiagok.

Diotenez, Martin Agirre gaur egun desagertuta dagoen Zabaleta Txiki baserrian jaio zen, Bergarako Kokote auzoan, Irutxaboletatik gertu. Martin Loinazen jaiotetxea, betalde Beasaingo Amunabarro baserria izan zen.

Igokundeko San Martinen jaioterriaz argibideak eman zitzaketen beste dokumentu batzu, ikasketa garaikoak eta bere profesio agiria izan zitezkeen. Alcalako unibertsitateko garai hartako matrikula liburuetan hara zer agertzen den: 1583ko urriaren 17an Fuentes irakaslearen katedran Súmulas (lojikaren oinarriak) ikasteko matrikulatu zela Martin de Loinaz, Iruñeako elizbarrutiko Beasain herrikoa, 17 urte zituela.

Hurrengo ikasturteko matrikula agirietan Martin de Loinaz 18 urteko beasaindarra Juan Garcia irakaslearen klaseetan matrikulatu zela dator lojika ikasteko.